Auzoak

San Roman 

Auzo hau Oka ibaiaren ezkerreko ertzean dago, muino txiki baten ganean, Berton dagoz San Roman ermitea eta Muxikako Torrea.

Muxikako Torretxea gane baten dago, haran biren artean, Gernikatik Mungiarako eta Amorebietarako bideen kurutzegunean. Horrenbestez, antxina egoera paregabea eukan eta, beragaz batera, Oka ibaiaren ibaiertzetan, hainbat errota eta burdinola dagoz, bai eta San Roman ermitea be.

Holango etxebizitzak berant Erdi Aroan agertu ziran Bizkaian. Izan be, gerra ugari egozan bandokideen arteko burruken ondorioz eta, holan, euren funtzino nagusia, egoitza izateaz ganera, defentsa-lekua eta inguruak menderatzeko kokalekua izatea zan.

San Roman San Roman San Roman

Bizkaiko Ermandadeak erre eban, 1451. urtean, torrea txikiagotuz; ostean, XV. mendearen amaieran eregi zan barriro. Bandoen arteko burrukak amaitu ziranean, landa jauregitxu bihurtu zan. 1782. urtearen inguruan zaharbarritu egin zan, aurri-egoeran egoteko arriskua eukalako eta, aurrerago be, sarritan barriztatu da, hesiari eraikin bat lotuta. Torreak erraz bereizteko moduko zati bi daukaz: Horma altu eta zabalez inguratutako patio zabala eta etxebizitzea, gotorlekua bera.

Torretik hurbil, San Roman ermitea dago, XII. mendearen amaierakoa. Ermitearen atalik azpimarragarrienak abside-bentanak dira, elementu bitxiak diralako Euskadiko arte-geografian eta Erromanikoan kokatzen dalako. San Bizente parrokiatik ermita honetara etorten zan eta abadeak bedeinkatu egiten eban bertaratutakoek euren ordu eta kortak babesteko hartzen eben ura. Umea ekarteko egozan emakumeak be bere babespean ipinten ziran, eta jaioko zan umearen sexua zein izatea gura eben adierazoten eutsoen santuari. Ermitearen oina angeluzuzena da, 14,10 x 7,30 m. neurrietakoa, eta goiburu planoko nabe angeluzuzen bakar batek osotzen dau. Harlangaitzezko hormak daukaz, eta harlanduzko eskinak; isurki biko estalkia dauka eta barrura sartzeko arku zorrotzeko ate bat dago. Ermita honen jaia abuztuaren 9an ospatzen da.

San Roman San Roman San Roman

Auzo honi jagokonez, Urkietako artea nabarmendu behar da, Quercus ilex ilex espezieko artea, zugatz berezia dala autortu baita. Adarrak kimatu jakoz eta, ondorioz, zabalago egin da, altuerea galduta.

San Roman auzotik seinaledun Mountain Bike zirkuitura helduko gara. Zirkuitu hori Morga udalerriagaz batzen da eta 25 kilometro daukaz.

San Roman San Roman