Deskribapen orokorra

Muxikako udalerria Busturialdeko eskualdearen hegoaldean dago, Oiz eta Bizkargi mendiguneen artean eta “Urdaibai Biosferaren Erreserbaren” barruan. 49,89 km2-ko azalerea dauka eta, holan, eskualde osoko udalerririk handiena da.

1965era arte independenteak izan ziran Ibarruri, Muxika eta Gorozika eleizateetatik sortuta, bere ezaugarririk nagusiena sakabanatutako auzoak daukazala da. Horreetako gehienek, ganera, balio handiko kultur eta historia ondarea daukie. Ganera, hainbeste ohitura eta kultur adierazpen gordetan dauz bere tradizinoan eta, bertako biztanleen sustraitzeari esker, gaur egun oraindino bizirik dagoz.

Beste landa-udalerri batzuek moduan, Muxikak be betidanik oinarritu dau bere ekonomia lurren ustiapenean: Nekazaritzea, abeltzaintzea eta mendien aprobetxamentua. Holan ba, nekazaritza eta artisau ekoizle asko dagoz berton.

Naturaren ikuspegitik, altxor txikiak be badaukaz, berbarako: Okako hatxartea, Askariko baso mistoa, Atxeliko zugaztiak eta Ajuria, Unda, Maume, Gorozika eta San Roman landa-auzoen paisajea.

Antxina Muxikako Ugarte deitzen jakon, San Roman auzoan egoan Muxikako Torreagaitik; izan be, lurraldeko leinu poderetsuenetako baten egoitzea izan zan hori.

Osoko bilkureak, 1982ko zemendiaren 20ko batzarrean, udalerriaren izena aldatu eta Mugicaren ordez Muxika ezartea erabagi eban, eta horixe da bere izen ofiziala gaur egun.

Armarriaren deskribapena:

Armarria

Laurendutako armarria:

  • 1.: urre-kolorekoa, hiru giltza baltz zerrendan daukazala;
  • 2.: urdina, bihotz gorria dauka, urre-koloreko ezpata batek zeharkatuta;
  • 3.: urre-kolorekoa, otso baltza, ganean puntak berari begira daukazan iretargi-erdi urdina, eta punta urdinean zidar-koloreko zerrenda bi;
  • 4.: urdina, urre-koloreko Maltako kurutzea. Zidar-koloreko bazterra.