Kultura

Bertsolaritza 

Ohiturak:

Baina beharraz aparte, Muxikan beti egon da, dago eta egongo da, kultura, kirola, astialdi edo ohituretarako lekua be. Patxiko Bilbao Ariatzakoak arlo guztiak landu dauz. Beharrean txiki-txikitan hasi zan: zestogintzan. Eta bere maisua bere aita izan zan: "Aittitte Bixente". «Aita kantaria zan. Beharrean gengozala be, lehenengo kanta bat eta gero beste bat... Akabeu be ez jakozan egiten», gogoratzen dau. «Antigualeko kantak izaten ziran. Ikasi egiten ebazan bertsolariek idatzitako liburuetan».

Gainera, orduko sasoian be bertsolari handiak egozan Muxikan eta batez be Ariatzan. Batzuk aipatzen hasita, Patxikok ume-umea zala ezagutu eban bat, gogoratzen dau, «...bertsolari elegantea, Jon Enbeita zan. Artistie zan, txikitxikitatik... eta boza polita!».

Urteakaz umetxo hori maila handiko bertsolaria egin zan eta berak kontetan dosku urteetan zehar Muxikak izan dauan bertsotarako tradizinoa:

Edozein garaitako Muxikako bertsolaritza aztertzean ezinbestekoa dogu Enbeitatarren erreferentzia. "Txotxo-Jeuri"-ren aitagandik hasita (1822), aurrekoen barririk ez dakigu, ez da Enbeitatarren artean, belaunaldi baten be, bertsolaririk falta izan; eta belaunaldi bakoitzean bat baino gehiago. "Urretxindorra", bere aita "Txotxo-Jeuri", anaia Imanol eta seme Balendin... izan dira entzutetsuenak. Baina gaur Muxika moduan ezagutzen dogun herri honetan bazan eta bada beste bertsolaririk be. Gertatzen dana da, famili honetakoak nabarmentzean, ez herri mailan bakarrik, baita aberri mailan be, euren izen hori indartsuago heldu jakula.